KOOPERATIBA GARA
Goiena Komunikazio Taldea Debagoienean kokatuta dagoen euskarazko komunikazio-enpresa da. 2000. urtean sortu zuten Debagoieneko euskaltzaleen elkarteek, eskualdeko euskarazko komunikabideak indartu eta garatzeko asmoarekin.
Irabazi-asmorik gabeko kooperatiba bitarikoa da Goiena: Debagoieneko euskara elkarteek, eskualdeko udalek eta Goienako langileek osatzen dute bazkidetza-sarea. Guztien arteko indarrak batuta, komunitate oso baten proiektua da Goiena.
Goienaren jarduna Debagoieneko bederatzi herrietan gauzatzen da: Antzuolan, Aramaion, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Elgetan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Oñatin. 63.000 biztanlerengana iristen da; herriotako bizilagunen %70ek egiten dute berba edo ulertzen dute euskara. Halaber, Debagoienetik kanpoko irismena ere badu komunikazio-enpresak.
EUSKARA ARDATZ
Gertutasunez eta sinesgarritasunez jarduten dugu, euskara eta euskaltzaletasuna oinarri hartuta. Goiena ez da soilik albisteak kontatzeko tresna: komunitatearentzat erreferentzia, ispilua eta zubia ere bada.
KOMUNITATEA OINARRIAN
Pertsonen eta erakundeen arteko harremanak sendotzea dugu misio; aisia, kultura eta elkarbizitzarako bide berriak jorratuz. Horregatik, komunikatzeko eta egiazko informazioa jasotzeko beharra duten guztien ahotsa izan nahi dugu, beti gardentasunean eta lankidetzan.























































